Herriz herri
moneta
bat
Gure Moneta
Tokiko moneta osagarri bat sortu dugu Hegoaldean. Hasteko, 2026aren amaieran Heko-a Oarsoaldean eta Baztanen erabili ahal izango da. Eusko-arekin elkarlanean ari gara, etorkizunean Euskal Herri osoan erabili ahal izango den moneta sortzeko helburuarekin.
Azken berriak
Heko monetaren billeteak aurkeztu ditugu, ehundaka proposamen jaso ondoren
Baztango tokiko moneta osagarriaren aurkezpena
Gure Moneta eta bazkidetza kanpaina aurkeztu ditugu
Heko ona da guztiontzat
- Tresna bat da gure herrietako komunitateak bizigarriago egin, tokiko eragileen jarduera indartu eta jarduera ekonomikoa sustatzeko.
- Gure monetaren bidez erabilitako Euro bakoitza Euskal Herrian bertan geratuko da eta, beraz, aberastasuna bertan birbanatuko da.
- Gure monetaren bidez gure lurraldeetako eragileen jarduera lagunduko dugu.
- Gure identitatea eta balioak indartzeko balio du.
- Gizarte justuago baten alde egiten du, kohesio soziala indartuz.
- Denona eta denontzat den moneta bat da, inor kanpo utziko ez duena.
- Ekoizpen jasangarriagoa bultzatzeko baliagarria da eta kontsumo ohituretan eragiten du.
Nortzuk sortu dugu Heko ?
Heko-aren ardura, gaur egun, Gizartearen Moneta elkarte sozialeko bazkide diren pertsona eta entitateena da.
Gainera, lurralde bakoitzean (Baztanen eta Oarsoaldean), bertako herritar eta eragileekin ari gara elkarlanean.
Erakunde ezberdinen babes ekonomikoa dauka: Udalbiltza, Baztango Udala, Oarsoaldeko udalak (Errenteria, Lezo, Oiartzun eta Pasaia), Nafarroako Gobernua eta Gipuzkoako Foru Aldundia.
Egitasmoa abiatzeko prozesuan askotariko eragileak aritu ziren elkarlanean: norbanako boluntarioak, Euskal Moneta elkartea, Udalbiltza, Cederna-Garalur, Baztango Udala, Oarsoaldeko garapen agentzia, Oarsoaldeko Udalak, Olatukoop, Dendartean (Gipuzkoako merkatarien elkartea), Euskalgintzaren Kontseilua, Bilgune Feminista, LAB sindikatua eta Iparra Hegoa fundazioa.
Gure balioak
Moneta bat dirua baino askoz gehiago da. Gure proiektuaren ardatz nagusiak honako balioak dira: tokiko ekonomia, euskara, ingurumena eta justizia soziala. Ohiko galderen atalean azaltzen dizugu nola ulertzen ditugun eta zein den Heko-arekin duten lotura.
Egin bazkide
Gure moneta Euskal Herri osoan erabili ahal izateko, egin zaitez bazkide laguntzaile!
Azken bi urteetan Hego Euskal Herrian Heko-a sortzeko proiektuan lanean aritu gara, Ipar Euskal Herriko Eusko monetaren ereduari jarraituz, eta Euskal Herriko zazpi probintziak barne hartuko dituen moneta bakarra ahalik eta azkarren ezartzeko helburuarekin.
Moneta hau garapen ekonomikorako eta enplegua babesteko tresna izango da, baina baita justizia soziala, trantsizio ekologikoa edota euskararen defentsa lantzeko tresna ere. Horretarako, ezinbestekoa izango da gure moneta ordaintzeko modu gisa onartuko duten merkatari, enpresa, ekoizle, elkarte eta abarren konpromisoa.
Gure moneta bi esperientzia piloturen bidez jarri da martxan eta, horri esker, Oarsoaldean eta Baztanen gure moneta erabiltzeko aukera izango duzu 2026ko azken hiruhilekoan, bai billeteekin zein mugikorreko aplikazio batekin. Ondoren, pixkanaka, herriz herri, Euskal Herri osoan zabaltzea da gure helburua.
Zure babesari esker, emango ditugun hurrengo urratsak errazagoak izango dira:
- Billeteen diseinu eta inprimaketa.
- Aplikazioaren garapena, establezimenduetan QR bat eskaneatuz ordaintzeko aukera emango duena.
- Heko-a kudeatzeko lantaldea indartzea.
- Azpiegitura digitalak, komunikazio tresnak, etabar garatzea.
- …
Dohaintza hau urtekoa izango da, ekimena gehiago babestu nahi ez baduzu behintzat. Urtero, kobraketa bat egin aurretik mezu bat jasoko duzu eta, nahi izanez gero, zure ekarpena moldatu edo bertan behera utz dezakezu.
Baietz 2026. urtearen amaierarako 1.000 bazkide laguntzaile lortu?
Lurraldeak
Gure moneta posible izateko eta herriz herri zabaltzeko, beharrezkoa da herri edo eskualde bakoitzean bertako herritarrek, eragile ekonomikoek eta eragile sozialek proiektua beren egin eta, elkarlanean, ekintza-plana diseinatzea.
Hasteko, bi esperientzia piloturekin abiatu gara: Baztanen eta Oarsoaldean.
Baztan
Baztan landa eremua da, herri txikiz osatua, demografia eta dentsitate txikikoa. Izan ere, biztanleria lurraldean zehar banatuta dago eta jarduera ekonomikoaren oinarria autonomoen sektorea da.
Baztanen 2024tik ari gara elkarlanean herritarrek eta eragile ezberdinek osatutako batzorde batean (Bertan Baztan, Baztango Zaporeak, Baztango pentsionistak, Lanbide eskola, Baztango Udala eta Cederna-Garalur garapen agentzia). Orain arteko ibilbidean bi galdetegi egin ditugu, 200 herritar baino gehiagok erantzun dituztenak: bata, tokiko monetaren ezagutza eta interesa neurtzeko, eta Baztanen interes handia dagoela jaso dugu; eta bestea, baztandarren ordainketa ohiturak jasotzeko eta tokiko monetaren euskarriei buruz galdetzeko: eskudirua, txartela, telefonorako aplikazioa… Datozen hilabeteetan proiektua zabaltzeko eta ezagutarazteko eragile anitzekin solastuko gara eta Baztango ekitaldi eta ekintzetan egonen gara informazioa zabaltzen eta bazkidetzak egiten.
Oarsoaldea
Oarsoaldea eremu urbanoa da nagusiki, herri handiz osatua (Errenteria, Lezo, Oiartzun eta Pasaia), dentsitate demografiko handikoak. Jarduera ekonomikoari dagokionez, anitza eta zabala da.
Oarsoaldean 2024tik ari gara lanean. Hasieran, Oarsoaldeko batzordea osatu genuen herritar eta eragileekin elkarlanean aritzeko, baina gerora herri bakoitzean eta barruti bakoitzean lantaldeak sortu ditugu herritar boluntarioekin eta eragileekin; beraz, zazpi lan talde ditugu lanean Oarsoaldean. Oarsoaldeko batzordea koordinaziorako gunea da. Orain arteko ibilbidean tokiko monetaren aurkezpenak egin ditugu herri eta barruti guztietan eta datozen hilabeteetan eragileekin harreman zuzenak egingo ditugu proiektua ezagutarazteko eta bazkidetza kanpaina indartzeko.Â
Munduko beste esperientziak
Heko-a ez da izango munduko lehena. Asko eta asko dira euren moneta martxan jartzea erabaki duten lurraldeak. Esaterako, gertu daukagu Eusko-a, Europako tokiko monetarik garrantzitsu eta indartsuena.
Hortaz gain, munduan zehar badaude beste hainbat ere. Esaterako: Grama (Katalunia), Chiemgauer (Alemanian, Europako zaharrena), Banco Palma (Brasilen) edota La Gemme (Frantziako Bordele eta inguruetan).
Ohiko galderak
Euro bat = Heko 1
Hekoaren balioa 1=1 izango da. Euroaren balio bera izango du eta honek funtzionamendua asko erraztuko du.
Zer da tokiko moneta osagarri bat?
Tokiko moneta osagarriak estatu bakoitzean diru ofizialaren (euroa, dolarra, libera…) osagarriak dira eta haiekin batera funtzionatzen dute.
Legala da?
Guztiz legalak dira eta araututa daude. Europar legediak jasotzen du oinarrizko araudia eta estatu bakoitzak garatzen du. Heko-aren kasuan, espainiar legedia beteko du eta Espainiako Bankua ere egitasmoaren jakitun da.
Noiz erabili ahal izango da?
Heko-a guk geuk sortutako zerbait da. Dimentsio nazionala izateko jaio den arren, tokian toki jaiotzen den zerbait da. Baztanen eta Oarsoaldean tokiko komunitateak antolatu dira eta etxeko lanak aurreratuta dituzte. Horri esker, bi eskualde hauetan 2026. urtearen azken hiruhilekoan erabili ahal izatea aurreikusten dugu.
Nire herri edo hirian noiz erabili ahal izango dut?
Gure gogoa lehenbailehen Euskal Herri osoan erabili ahal izatea da, baina hori ez dago soilik gure esku. Beharrezkoa da herriz herri komunitateak aktibatu eta Heko-aren ardura hartzea. Monetaren erabiltzaileen masa kritiko nahikoa beharrezkoa da hau martxan jartzeko: herritarrak behar ditugu, establezimendu eta enpresak behar ditugu, eta elkartegintzaren inplikazioa ere ezinbestekoa da.
Nora doa erabiltzen dudan dirua?
Moneta bakar bat ere ez da Euskal Herritik aterako. Sortzen den aberastasun guztia lurraldean geratuko da, bertako ekonomia indartzeko balioko du.
Nola funtzionatzen du?
Truke-sistema bidez funtzionatzen du. Horretarako, Euroak Heko billeteengatik trukatzeko aukera izango duzu trukeguneetan (gutxienez, hiri guztietan bat egongo da). Zure euroak tokiko banku bateko berme funts batean gordeko ditugu eta zure billeteak ordainketak egiteko erabili ahal izango dituzu. Bazkide egitea ezinbestekoa da billeteak erabili ahal izateko. Gainera, profil digital bat sortzen baduzu, online kontua eta aplikazioa erabili ahal izango dituzu diru-trukeak egiteko; bertatik ordainketak eta bestelako eragiketak egin ahalko dituzu. Kontua ireki baduzu, QR bat duen txartela ere izango duzu ordainketak egiteko.
Eusko-arekin bateragarria da?
Etorkizunean bateragarria izango da. Orain Hego Euskal Herrian jarri dugu martxan monetaren egitasmoa eta ondoren, Ipar Euskal Herriko Eusko monetarekin batera erabiltzeko aukera izango da. Â
Bateragarritasun teknikoa bermatuko da, baina oraingoz, billete eta aplikazio desberdinak beharrezkoak izango dira, Pirinioen bi aldeetan moneta bakarra izateko oraindik urrats legal batzuk eman behar baitira. Baina lanean ari gara eta ahalik eta azkarren lortzea espero dugu!Â
Zeintzuk dira proiektuaren balioak?
- Tokiko ekonomia:
Ekonomia berriro Euskal Herrian egin eta tokiratu nahi dugu. Horretarako, bertako ekoizle, hornitzaile eta saltokiei lehentasuna emanez.
Gure lurraldeetako ekoizle, hornitzaile, saltoki, enpresa eta elkarteen arteko elkartasuna saretuz, aberastasuna lurraldean geratzea bermatuko dugu.
Ez dugu onartzen sare handietako enpresa banatzailerik, garatzen duten ereduagatik; izan ere, eredu horrek enplegua, harreman sozialak eta baliabideak suntsitzen ditu.
- Euskara
Jarduera ekonomikoan eta sozialean euskara ardatzera ekarri, hizkuntza eskubideak errespetatu eta egunerokotasuna bizigarriagoa egingo dugu. Euskararen paisaia eta erabilera zabalduz, harreman sozial eta ekonomikoetarako ezinbesteko tresna izateko bidea egingo dugu.
- Ingurumena
Jokabide ekologistarekin eta ekonomia zirkularraren bidez, uraren eta energiaren kontsumo jasangarriagoa eta hondakinen murrizketa eta kudeaketa egokiagoa bultzatuko ditugu.
Ingurumena zaintzen duen lurrari lotutako nekazaritzaren alde egingo dugu.
Ez ditugu onartzen ingurumenean kalte handiak eragiten dituzten enpresak, ez baldin badute kalte horiek konpontzeko gogorik erakusten.
Ez dugu onartzen laborantza industrialaren eredua edo lurrari lotua ez zaiona.
- Justizia soziala
Gizarte orekatua, kohesionatua eta justua helburu duen eraldaketa sozialaren alde lan egingo dugu; horretarako, zaintzek ikuspegi feministaz gure bizitzetan duten garrantzia aintzat hartuz eta modu justuan antolatuz.
Gizarte berdinzale eta inklusiboago baten ikuspegiarekin, gure lurraldeetan bizi garen pertsona guztion bizitzen alde egingo dugu, edozein dela ere jatorria, kultura, sinismena edo bizimodua, diskriminazioei aurre eginez, inor bazterrean utzi gabe, parekidetasunaren eta sexu askatasunaren alde eginez.




