Gaur Heko monetaren izena eta billeteen diseinuak aurkeztu ditugu Elizondon. Billeteen lehen prototipoa erakusteaz gain, elkartearen Batzar Orokorra ere egin dugu, non funtzionamendurako oinarriak eta lehendakaritza bikoitza onartu ditugun.
Heko
Hegoaldeko, herritarren ekonomia, herriz herriko ekonomia, ekologia… Proiektuaren DNAn txertatutako kontzeptu askorekin lotutako izena hartu du proiektuak.
Hegoaldeko moneta martxan jartzeko prozesuan, elkarlan estua eman da Euskal Monetako kideekin (Eusko monetaren ardura duena), bi proiektuen arteko sinergiak eta etorkizunera begirako bide partekatuak aztertzeko. Euskal Monetako kideek erabaki dute hegoaldeko monetak ez dezala Eusko izena hartu. Dena den, mugaz gaindiko ikuspegi batetik elkarlanean aritzeko borondatea dugu bi elkarteek, etorkizunera begirako bide partekatua lantzeko, bai gobernantzaren ikuspegitik zein bi monetak bateragarriak izan daitezen egin beharreko bide juridikoari dagokionean.
Billeteen diseinua, herritarren proposamenetan oinarrituta
Heko-etan ordaintzeko moduetako bat billete fisikoak erabiltzea izango da. Horretarako, 1, 2, 5, 10, 20 eta 50 Heko-ko billeteen diseinua lantzen ari gara.
Diseinu prozesuari ekin aurretik, uztailean billeteetarako proposamenak jasotzeko galdetegi bat jarri genuen abian eta, horri esker, ia 400 lagunen ehundaka proposamen jaso ditugu.
Jasotako proposamenak aztertu zituen proiektuko lantaldeak eta iruditeria lantzeko irizpideak zehaztu zituen. Besteak beste, euskal lurralde, ohitura eta paisaien aniztasuna jasotzea, hirigune zein landaguneak erakustea, pertsona zehatzen irudirik ez erabiltzea… Irizpide eta proposamen hauek diseinu-arloko profesionalen esku jarri dira eta beraiek izan dira billeteen diseinuak lantzearen ardura hartu dutenak.
Gaurko aurkezpenean billete baten prototipoa aurkeztu dugu eta datozen asteetan zehar billete guztien behin betiko diseinuak aurkeztuko ditugu.

Billeteen diseinu orokorraz gain, billeteen alde bat ezberdina izango da erabiliko den lurraldearen arabera. Zentzu horretan, Baztan eta Oarsoaldeko elementu ezberdinak aukeratu ditugu.
Diseinuaz gain, modu berezian zaindu den elementu bat segurtasun neurriena izan da. Sektoreko profesionalen eskutik, billeteetan sei segurtasun neurri txertatu dira.
Heko-ak erabiltzeko aukera
Heko-ko dinamizatzaileak lanean ari dira Baztango eta Oarsoaldeko establezimendu zein profesionalak proiektura batzeko. Hauek ezinbesteko funtzioa betetzen dute proiektuan; izan ere, norbanakoek espazio horietan erabili ahal izango dituzte beraien Heko-ak. Dagoeneko 40tik gora dira bat egin dutenak.
Heko-en bidez ordaintzeko hiru modu egongo dira:
- 1, 2, 5, 10, 20 eta 50 Heko-ko billete fisikoak.
- Datozen egunetan deskargagarri jarriko den Hekopay aplikazioa.
- QR bat daukan txartel fisikoa.
Kasu guztietan, Heko-a erabiltzeko beharrezkoa izango da elkarteko bazkide izatea. Bazkide diren pertsonek beraien euroak Heko-engatik trukatu beharko dituzte horretarako ezarriko diren trukeguneetan.
Bazkidetza kanpaina: Herriz herri, moneta bat
Martxa onean doa Heko babesteko bazkidetza-kanpaina. Herriz herri, moneta bat kanpaina aurkeztu genuen urte hasieran eta dagoeneko 250 bazkide baino gehiago lortu ditugu.
Heko-a posible egiteko garrantzitsua da bazkide gehiago izatea. Bazkide egitea erabakitzen dutenek proiektua ekonomikoki babestuko dute, beraien gaitasunaren arabera. Euskal Herri osoko bazkidetzak jaso nahi ditugu; izan ere, bazkide egiteak proiektua babestea esan nahi du, Oarsoaldea eta Baztandik hasita, baina gutxinaka herriz herri zabaldu dadin. Norbanako zein enpresa eta elkarteak ere bazkidetu daitezke.
Elkartearen Batzarra
Monetaren izena eta billeteen diseinuak aurkezteaz gain, elkartearen Batzar Orokorra ere egin dugu gaur. Bertan, besteak beste, estatutuak, barne-araudia eta organigrama ere onartu ditugu, lehendakaritza bikoitza (Aitziber Arnaiz Garmendiak eta Iñigo Gorrotxategi Pascalek osatua) barne.
Eragileen babesa
Norbanako bazkideetaz gain, hainbat eragile ere bazkide egin dira dagoeneko: aek, Berria, Bilgune Feminista, EHKOlektiboa, Ikastolen elkartea, Ipar Hegoa Fundazioa, LAB sindikatua, Labore Oarso, Olatukoop, Talaios kooperatiba, TaPuntu kooperatiba eta Teks elkartea. Gainera, hainbat dira babes ekonomikoa ematen duten erakundeak: Udalbiltza, Baztango Udala, Errenteriako Udala, Lezoko Udala, Oiartzungo Udala, Pasaiako Udala, Nafarroako Gobernua eta Gipuzkoako Foru Aldundia.

