Herriz herri moneta bat jarriko dugu martxan, Euskal Herri osora hedatzeko anbizioa duena
Gaur, otsailak 25, Gure moneta proiektua eta bazkidetza kanpaina aurkeztu ditugu Errenteriako Lekuona fabrikan.
Proiektuaren aurkezpena

Aurkezpen ekitaldiaren lehen zatian proiektua sustatzen ari garen eragileok monetaren egitasmoa aurkeztu dugu, mahai baten metafora erabiliz monetaren lau hankak azaltzeko, ikus-entzunezko zein hitzartzeen bitartez:
- Herritarrak.
- Lan mundua eta sektore ekonomikoa.
- Eragile sozialak.
- Arlo instituzionala.

Gure monetaren inspirazio izan den Euskoaren esperientzia azaltzeko tartea ere hartu dugu; Ipar Euskal Herri osoan erabiltzen den moneta da, duela 13 urte martxan jarri zena. Hainbat datu esanguratsu partekatu ditugu: Elkargoko 158 udalerrietan erabiltzen da, 1.500 erabiltzaile profesional ditu (ordainketak egin daitezkeen establezimenduak), 4.500 erabiltzaile partikular ditu (Euskoa ordainketak egiteko erabiltzen duten pertsonak), 38 herriko etxek erabiltzen dute, Euskal Elkargoa bazkideetako bat da eta ia 5 milioi Eusko daude zirkulazioan gaur egun.

Segidan Gure moneta proiektua aurkeztu dute Gure monetaren koordinatzaile den Luix Intxauspek eta lehen pilotuak martxan jarri ditugun lurraldeetako lantaldeetako kideek: Oarsoaldeko Olatz Olaizola eta Baztango Aintzane Ariztegi.
Azaldu duten moduan, Euskoaren esperientzian oinarrituta, tokiko moneta osagarri bat sortzeko urratsak ematen ari gara, etorkizunean Euskal Herri osoan erabili ahal izateko helburuarekin. Hegoaldean martxan gaude dagoeneko eta 2026ko azken hiruhilekoan, hasteko, moneta Oarsoaldean eta Baztanen erabili ahal izango da.
Hori bai, monetak oraindik ez du izenik eta billeteen diseinua oraindik ez dago erabilita. Udara bitarte bi gai hauek lantzen arituko gara.
Bazkidetza kanpaina: Herriz herri, moneta bat

Gure moneta martxan jartzeko eta hurrengo urratsak emateko masa kritikoa sortu behar dugu. Horretarako, Herriz herri, moneta bat kanpaina jarri dugu martxan. Kanpainaren helburua 2026. urtearen amaierarako gutxienez 1.000 bazkide laguntzaile lortzea da, proiektua ekonomikoki babestuko dutenak, bakoitzaren gaitasunaren arabera. Euskal Herri osoko bazkidetzak jaso nahi ditugu; izan ere, bazkide egiteak proiektua babestea esan nahi du, Oarsoaldea eta Baztandik hasita, baina gutxinaka Euskal Herri osora zabaldu dadin. Proiektuarekin engaiatuta dauden ia 100 pertsona zein eragileren bazkidetzak lortu ditugu honezkero.
Norbanako zein enpresa eta elkarteek daukate bazkide egiteko aukera, webgunearen bidez.
Norbanako eta eragileen babesa

Proiektuak jaso duen babesaren pareko harrera jaso du aurkezpen ekitaldiak. Hamarnaka herritarrez gain, askotariko norbanako eta eragileetako kideak egon dira bertan: Idurre Eskisabel (Euskalgintzaren Kontseilua), Nekane Artola (Ikastolen elkartea), Aize Otaño (AEK), Unai Andueza (Gipuzkoako Foru Aldundia), Haritz Alberdi Arrillaga (Udalbiltza), Aizpea Otaegi Mitxelena (Errenteriako alkatea), Mikel Arruti Salaberria (Lezoko alkatea), Teo Alberro Bilbao (Pasaiko alkatea), Ibon Mitxelena (Oiartzungo Udala), Lorea Lizarreta (Baztango Udala), Fernando Nebreda (Oarsoaldeko garapen agentzia), Beñat Irasuegi (Olatukoop), Izaskun Abril (Cederna-Garalur), Niessen enpresako zuzendaria, Labore kooperatibako arduraduna, Oarsoaldeko eta Baztango merkatarien elkarteetako ordezkariak, EAJ, EH Bildu, PSE eta Elkarrekin Podemos alderdietako ordezkariak, mugimendu feministako kideak eta beste hainbat ordezkari.







































